Saharari kantari 2014 lehiaketa irabazi eta errefuxiatu Saharauien kanpamenduetara bidaiatu behar genuela jakin genuenetik, egun hau iristeko desiratzen ginen. Gaua Donostiatik Madriderako autobusean igaro eta gero, eguerdian Tindouferantz abiatu gara. Bertako aduana igarota, txarter hegaldian gentozenak autobus, furgoneta eta 4x4etan banatu, eta Dajlarako bidea hartu dugu karabanan, Frente Polisarioaren babespean. 24 orduko bidaiaren ondoren, Hamoudi eta Aminetouk hartu gaituzte beraien Jaiman.
Iritsi garenetik arreta handia jartzen dute uneoro ezer falta ez izateko. Bigarren egunean Fisahara jaialdiaren irekiera ekitaldian izan gara. Mandelarekin 26 eta 4 hilabete kartzelan igaro zituen Hegoafrikarrak hitz egin du. Mandela eta bere arteko erlazioa eta historia kontatu, eta Hegoafrikak Sahararekin dituen paralelismoak azaldu ditu. Beste hainbat hizlari izan dira ondoren, “Mandela Saharauia”, Argeleko ordezkaria, Saharauien ministroetako bat…
Hamoudik kontatu digunez, Polisarioa suetenean egon arren, eta diplomaziaren aldetik gauzak geldirik dauden arren, herria erne dago. Argi dute egoera honek ezin duela luzaroan iraun. Gazteenek borroka armatu garaia ezagutu ez duten arren, familia guztietan daude martirrak, gurean hiru senide esaterako, eta gatazka oso presente dute. Fisahara ez da zine jaialdi bat soilik, elkartasun jaialdi bat da, Saharauei ahotsa emateko modu bat.