Atzo euria egin zuen! Tanta batzuk izan baziren ere gutxitan bizi daitekeen fenomenoa. Ondar ekaitz batez lagunduta etorri zen eta haize ufada oso gogorrak bizi genituen jaima barruan. Azken ordura arte ez genuen jakin kontzertua bertan behera geldituko ote zen, dunetan jo behar genuelako, eta haizeak zaila egiten zuen bideragarri izatea. Azkenean ahaztezina izango den kontzertu bat emateko aukera izan genuen leku ahaztezin batean , eszenatokirik gabe, dunek U formako anfiteatro baten lanak egiten zituztelarik. Momenturik hunkigarriena hemen egoteko aukera eman zigun Sahara abestia jo genuenean izan zen. Errepikaren zati batzuk Hassanira itzuli genituen familiaren laguntzaz. Kontzertutik buelta ere luzaroan ez ahazteko modukoa izan zen. Hamasei pertsona Range Rover batean, batzuk kotxe kanpoan leihotik zintzilik, oihuka abesti Saharauiak abestuz.
Azken bi egunak oso intensoak izan dira. Familiarekin denbora asko pasa dugu eta harremanak asko estutu ditugu, beti tearen inguruan. Umeekin era guztietako jolasak egin ditugu, harri eta botilen estalkiekin hiru hilaran jokora jolastu, galtzerdiak arez bete eta malabarrak egin, futbolean ere ibili gara pixka bat… Abesti Saharauiak ere jo ditugu umeekin batera, kontzerturako ekarri ditugun instrumentoez lagunduta.
Gauetan era guztietako pelikulak ikusteko aukera izan dugu: poeta Saharauiek bizi duten jarraipenari buruzkoa, Egiptoko udaberri arabiarra kontatzen zuena, bertako eskolakoek egindako laburmetraiak…
Dajlako Radio Nacional Saharauin egindako elkarrizketa